XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esate baterako belardian belar luze leuna zanpatu gabe aideari atxikirik bezala eroria den oihal estanpatu lijeroa.

Eta neskaren izterrean behera irristatuko den odol arrastoa justifikatzen duen sasia edo sasi bazterretik bi, gehienez hiru pausotara lurrean definitzera iritsi gabe harma posible bat seinalatzen duen disdira metalikoa.

Hemen mutuak arrazoin guztiarekin hautemanen luke sasiak egindako harramazka batek ez duela odol arrastoz, agian ezta odol tantoz hitzegitea ere justifikatzen.

Beraz sasiak odol arrastoa ezin esplikatuko balu gutxiago oraindik gizonezkoaren hatzaparrek.

Horrez gero lurrean eroria dagoen objeto disdiratsuari garrantzi gehiago ematera beharturik ikusiko nintzateke eta halaber harma konkretu bat bezala identifikatzera.

Hau entzulea Mutua bezalako persona atsegin bat izanen litzatekeen kasuan.

Beste edozeinek zehaztasun eta aldaketa gehiago eskatuko lituzke zihur asko, historiak egitea entzulearen gustora lotu beharko litzatekeen lan aspergarri bat bihurtu arte.

Eta horrek ez lituzke gauzak hobetuko.

Azken finean historiak neuretzat asmatzen baditut eta odol arrastoak gizonaren hatzaparrez eginak izateak gogoko badut ez dut ikusten zergatik.

Ez dut ikusten zergatik.